Itzuli

Etxeko txolarrea

Passer domesticus
Etxeko txolarrea

Ezaugarriak

Etxe-txolarrea (Passer domesticus) passeridae familiako hegazti paseriforme bat da, jatorriz ia Eurasia osokoa, gizakiaren laguntzaz ia mundu osora zabaldua.[1] Izan ere, gizakiarekin erlazionatzen jakin izan du, eta, horregatik, egun hegaztirik hedatuenetakoa da. Hegazti txiki bezain sendoa da txolarrea; burua proportzionalki nahiko handia du eta mokoa gogorra. Hegaldi traketsa duela esaten da eta lumadi ugariak ordenarik gabekoa dirudi askotan.

Txori honetan kolore arreak dira nagusi. Eme eta gazteetan apalak dira, baina ar helduek kontraste handiagoa dute. Alde dortsala marroi ilun kolorekoa dute, marra beltzez betea, eta alde bentrala grisa. Arrek bularraldetik mokoraino orban beltz bat dute (udan nabariagoa da) eta buru-gaina grisa (ezaugarri honengatik txolarre ilunarekiko erraz desberdindu daiteke). Emeek eta gazteek lista superziliar marroi argia izaten dute askotan.

Habitata

Etxe-txolarrearen eta gizakiaren arteko erlazioa estua da, eta habitataren hautaketan argi ikusten da berau. Izan ere, etxe-txolarreak gizakia urte osoan bizi den inguruetara lotuta dago, are gehiago abereak inguruan badaude. Bestela, hezegune, baso eta sastrakadietara nekez hurbiltzen da.

Habia zuloetan edo adaburutan eraikitzen du. Zuloetan egiten duenean habia irekia izaten da, baina adarren artean egiten duenean itxia da, zulo bakar batekin.

Portaera

Etxe-txolarrea espezie taldekoi eta monogamoa da eta bikoteak bizitza osoan iraun dezake. Hala eta guztiz ere, poliginia maiz ikusten da, hau da, arrak beste eme batzuekin ikusten dira. Bikoteak 6 eta 20 bikote artekoak izaten diren kolonietan biltzen dira.