Itzuli

Zozo

Turdus merula
Zozo

Deskribapena

Zozoa (Turdus merula) Turdus generoko eta Turdidae familiako txoria da. Zozo arrunta espeziea izendatzeko zozoa bakarrik erabili ohi da. Dimorfismo sexual nabaria du. Arra beltza da, moko eta begiko eraztun horiarekin, eta emea arrea, kontraste gutxiagoko moko eta begiko eraztunarekin. Gazteak ere bereiz daitezke mendian. Neurri ertain-handiko Turdusa da, hego biribilkatu eta buztan luzekoa, tipikoa basoko espezietan. 34-38,5 zentimetroko zabalera eta 24-29 zentimetroko luzera dute azpiespezie europarrek. Arrak guztiz beltzak dira; eta emeek burua, gainaldea, hegoak eta buztana arre ilunak dituzte, eta azpialdea argiagoa, gorrixka bularraldean eta orban ilun batzuekin. Gazteak eme helduak baino argiagoak dira eta azpialdean lerro laranja, gorri edo gaztain-koloreko markatuagoekin. Lehen neguko banakoek eme heldua gogorarazten dute.

Habitata

Europa, Asia eta Iparraldeko Afrikan bizi da eta Australia eta Zelanda Berrian ere sartua izan da. Euskal Herrian oso ugaria da, gehiago alde atlantiarrean mediterraneoan baino. Latitudearen arabera guztiz migratzaileak, zati batean edo kumatze-lekuan geratuko dira Bere habitataren zabalera izugarria da, ia altitude gradiente guztian agertzen baita, edozein ingurutan agertzen da, oso soilduetan izan ezik. Orokorrean dentsitate altuenak zuhaiztietan agertzen ditu, bai dentsoetan nahiz irekietan, eta 1000 metrotik behera, hemendik gora sarritan zozo paparzuriak ordezkatzen du.

Portaera

Altuera baxuan egiten du hegan distantzia laburretan; distantzia luzeetan aldiz bizkorrago, uhin-mugimendu gutxirekin eta beti lerro zuzenean potentzia nabariaz. Oso zaratatsua da eta larrituta dagoenean txilio asko egiten du eta oso ozen. Normalean ez da posatzen leku altuetan, arra salbu kumatze garaian kantatzeko.